XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urtea epela joan bada, kostaldean erlamando batzuk bizirik badiraute batzutan.

Udaberrian Urtearen martxak asko esan nahi du, baina Martxo aldera atakan mugimendu handia hasten da.

Hanketan polen-pilota horiak nabarmentzen dira eta atakan barna dagoen sartu-irteera handia da.

Gure artean udaberriak gorabehera handiak izaten ditu eta epelaldi baten ondoren izotzak erasotzen badu, ondorengo egunetan erle zuri batzuk ateratzen ikusi ahal izango ditugu.

Hotzez hil zaizkien umeak dira.

Alegia, hotz-kolpea datorrenean, erleak pilatu egiten dira hotzari aurre egiteko eta eginak zituzten umeak estaltzeko behar adina erle ez badago, umeak hoztu eta hil egiten dira.

Epelaldia datorrenean ostera, hildakoak dauden gelak garbitu egiten dituzte eta erreginak berriro arrautzak egiteko prest ipini.

Negua igaro eta lehen hegaldiak egiten dituztenean, sarritan harri gainetan pausatzen ikusten dira, eguraldi epela denean.

Han bere hestea hustutzen dute, negu osoko partez, eta bi zentimetrorainoko kaka-haria uzten dute.

Izan ere, negu gogorra izan bada, irten gabe egon diren denbora guztian ez dute kakarik egiten erlauntzaren barnean, eta beren hesteetan pilatzen dute.

Urte batetik bestera eta eskualde batetik bestera alde handiak badaude ere, Apirila aldera ikusi ahal izango ditugu lehen erlamando zaratatsuak.

Erlamandoak udazkenean botatzen dituztela esaten bada ere, Maiatzean bertan bota ditzakete giro txarra baletor.